Bizitza ibilbide bat bezalakoa da, gure gogoeten, hautuen eta ikaskuntzen bidez urteetan zehar egiten eta lantzen dugun bide bat. Prozesu hori bakoitzaren barruan eta pertsonen artean gertatzen da, hau da, “barruan/kanpoan” gaude etengabe, eta hori garatzen doa barrutik hazten goazen bitartean, eta bidea partekatzen dugun gainerako pertsonekin harremanak izaten ikasten goazenean, kanpoan. Hala, gure baloreak, usteak, ideologiak, idealak, sentipenak, emozioak… bidaian irabazten ditugun bizipen eta esperientzia bakoitzaz elikatzen dira. Honi, arrunki, “gure motxila” deitzen diogu. Motxila horrek gure “nia” lantzen du eta gure izateko moduan zer aldatzen dugun eta zer mantentzen dugun aukeratzen eta ibilbidean egoten laguntzen digu. Bakoitzak bere bizia lantzen du, eta ibilbidean zehar beste batzuekin topo egiten du eta horiek ere euren motxila dute (batzuek pisu gehiago daramate, beste batzuek gutxiago, batzuk kolore gehiago dituzte, beste batzuek gutxiago eta abar). Hortaz, ez da arriskutsua esatea ibilbidean zehar motxila horretan dugun asko partekatzen duten pertsonekin egingo dugula topo (esperientziak, sentipenak, bizipenak, baloreak, usteak eta abar) eta beste batzuekin ez garela bat etorriko. Horregatik, benetan, “aniztasuna normala da eta ez salbuespena”. Maila mentalean nahiko erraz ikusteko gai garen arren, arlo kolektiboan sartzen garenean beti harritzen gaitu, batez ere espazio kolektiboetara joaten garenean, non ziurtzat jotzen dugun espazio horretan daudenek gure balio eta sinesmen berberak dituztela. Hori da jakin behar dugun lehenengo egia absolutua gune kolektiboan sartu baino lehen.
Gure taldeetan eta kolektiboetan sortzen diren arazoek eta gatazkek harreman sare horri buruz jakin behar dugun gauza garrantzitsua gogorarazteko balio digute: “Talde hau anitza da eta aniztasuna babestea beharrezkoa da duen botere eta potentzial guztia zabaltzeko”. Hori dela eta, gatazken kudeaketan eta eraldaketan behin eta berriz azpimarratu nahi dugu funtsezko lau gune daudela, beren tokiak eta uneak izan behar dituztenak taldeetan bizitzeko eta esploratzeko: gobernantza (egiturari, taldearen funtzionamenduari, erabakiak hartzeari, lidergoaren kudeaketari egiten die erreferentzia), emozioen kudeaketa (harreman-egiturari eta gatazken kudeaketari egiten die erreferentzia), ikerketa (kolektiboan amets egitea da, ideiak zabaltzeko aukera ematen digu, talde gisa nola batzen garen ikusteko, taldearen autoezagutzan sakontzeko) eta kohesioa (ospatzea, gozatzea, hor aurkitzen ditugu taldearen atxikimendua, taldeko kideek elkarren artean eta partekatzen eta eusten duten proiektuari dagokionez dituzten loturak).
Irekiko dugu meloia?